Europar Batasuna
Salgadok "erreforma orokorrak" proposatu ditu, "berriz hazteko"
Erredakzioak
Epe ertainera Europako ekonomia iraunkorra izateko pentsioen erreforma egitea "funtsezkoa" dela uste du Espainiako Ekonomia ministroak.
"Erreforma orokorrak" eta Europako herrialdeen eredu ekonomikoan aldaketak egitea proposatu ditu gaur Elena Salgado Espainiako Ekonomia eta Hazienda ministroak, krisia baino lehen Europak zuen hazkundera itzultzeko.
Europako Parlamentuko batzorde ekonomikoan egindako agerraldian, Espainiako Gobernuko bigarren presidenteordeak epe ertainera Europako ekonomia jasangarria izateko pentsioen erreforma egitea "funtsezkoa" dela adierazi du.
Datorren hamarkadarako EBko estrategia ekonomikoak "helburu lotesleak" ezartzearen alde agertu da Salgado, baina horretarako Europar Batasunak erabil ditzakeen kontrol mekanismoak ez ditu zehaztu.
NDF
Bestalde, Espainiako ekonomiari buruz egindako aurrikuspenetan nazioarteko erakundeak behin baino gehiagotan okertu direla gogorarazi du Ekonomia ministroak eta Espainiako Exekutiboak datorren urterako egindako aurrikuspenak defendatu ditu, "baikorragoak" direlako.
Europako Parlamentura sartu denean egin ditu adierazpenak Salgadok. Espainiako ekonomiak 2010ean % 0,6 behera egingo duela iragarri du gaur Nazioarteko Diru Funtsak, eta ekonomia nagusien artean atzeraldian jarraituko duen bakarra izango da.
"Guk apur bat baikorragoak gara. 2010erako eta 2011rako baikorrak", esan du agintariak Europako Ganberan.