Holokaustoaren mundu eguna
65 urte, Auschwitz nazien kontzentrazio gune odoltsuena itxi zutela
Euskadi Irratia
Erredakzioa
1940an ireki zuten Polonian Hitler diktadore alemaniarraren aginduz eta 1,5 milioi inguru judutar hil ostean, 1945ean, sobietarrek ireki zituzten kontzentrazio gunearen ateak.
Holokaustoaren nazioarteko eguna da gaur, Poloniako Auschwitz nazien kontzentrazio gunearen ateak, sobietarrek, ireki zituztela 65 urte betetzen diren egunean.
70 urte ere badira nazien gune odoltsuena izan zenaren ateak zabaldu zituztela. Hitlerren soldaduek egin zituzten gehiegikerien irudi bihurtu da Auschwitz, izan ere, 1,5 milioi judutar hil zituzten bertan gasak itota, tiroz, mediku esperimentuetan edo goseak jota.
Orotara, kontzentrazio guneetan sei milioi hildako utzi zituen Hitlerren diktadura alemaniarrak. Israelen bakarrik, Holokaustoa bizi zuten 220.000 biktima oraindik bizirik dira, bi herenek gehiegikerien ondorioak jasaten dituzte: depresioa eta lotarako arazoak, besteak beste.
2009an judutarren kontrako eraso asko
Garai haiek pasa dira baina, Intolerantziaren Kontrako Mugimenduak dio oraindik ere antisemitismoa badela. Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik, 2009a izan da judutarren kontrako eraso gehien izan dituen urtea.
Besteak beste, Auschwitzen bizi zena ahaztu ez dadin, gaur, munduko 39 museotan (Bilboko Arte Eder Museoan) dokumentala estreinatuko dute. Rax Rinnekangasen Holokaustoaren koloreak izeneko pelikulan, kontzentrazio guneen irudiak ikus litezke, lehen aldiz, koloretan.
Omenaldiak
Biktimak gogoratzeko ekitaldi nagusiena Alemanian egingo dute. Bertara joan da Simon Peres Israelgo lehen ministroa, Bundestagen hitzaldia emateko.
Argazkiez betetako eguna ere izango da gaurkoa. Auschwitzeko atarian edota judutarrak garraiatzeko erabiltzen zituzten tren geltokiaren aurrean bilkurak egitekoak dituzte.