Teknologia
'Tablet' ordenagailua aurkeztuko du gaur Applek
Luzia Zugadi
Erredakzioa
Ordenagailu oso dotorea omen da, fin-fina, arina eta 10-12 hazbete bitarteko pantaila ukigarria duena. Teklatua, iPhoneak duenaren antzekoa da, hots, birtuala.
Apple talde teknologikoak taula itxurako ordenagailu berria aurkeztuko du gaur. Adituek diotenez, iPhoneak eta Ipodak izandako arrakasta errepikatuko du aparatu berri honek.
Oraingoz ez dute ordenagailu honi buruzko informazio askorik zabaldu, baina, dirudienez, ''Tablet'' edo ''iSlate'' izena izango du. Gainera, ordenagailu oso dotorea omen da, fin-fina, arina eta 10-12 hazbete bitarteko pantaila ukigarria duena. Teklatua, iPhoneak duenaren antzekoa da, hots, birtuala.
Bestalde, ''Tablet''ean edukiak deskargatzeko plataforma bat sortu du Applek. Helburua, familia osoarentzako ordenagailu bat izatea da, erreminta hezitzaileak dituena eta artikuluak irakurtzeko, pelikulak ikusteko, bideo-jokoez gozatzeko nahiz Interneten nabigatzeko balio duena.
Aurreikusitakoaren arabera, lehenengo urtean 2-5 milioi aparatu inguru salduko dituzte.