Aurrerapena
Aizarnazabalgo bertso afaria eta Tolosako jaialdia HHn
Erredakzioa
Txomin Garmendia izango da erredakzioan bere liburu berria aurkezten eta Aizarotzen eta Sunbillan izan diren Nafarroako txapelketako bi saioen berri emango dute.
Bete-beteko bertso saio bi asteon Hitzetik Hortzeran. Batetik Aizarnazabalgo Mikel elkartean Iker Zubeldia eta Unai Agirrerekin gozatutako bertso afaria. Goizeko hirurak jo zituen bertso doinuak han isiltzerako... Bestetik Tolosako Leidor antzokian Txolarre Irratiaren hamargarren urtemuga ospatzeko egindako jaialdia: Amaia Agirreren gidaritzapean saio konpletoa osatu zuten Beñat Gaztelumendi, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Aitor Mendiluze eta Sustrai Colina bertsolariek. Publikoak gozatu zuen euren ateraldiekin.
Asteon bertsolari handi bat izango da bisitan Mintzolako ganbaran. Txomin Garmendia 2008ko nere egunkaria bere liburu atera berria besapean duela azalduko da. Garmendiak bere gaur eguneko martxa azaldu die Hitzetik Hortzera egiten dutenei baita garai bateko pasadizo gozagarriak kontatu ere. Hala nola Martutenen preso sartu zutenekoa injurias al Ejercito español egitea leporatuta Burgosen betetzen ari zen soldadutzari jarritako bertso batzuk tarteko. Aspaldi batean ikasitako bertso ederrak ere kantatu dizkie bere ahots indartsuaz, Donostiara serbitzera joandako "neskatxa nafar buruarin bati" norbaitek jarritakoak.
Aizarotzen eta Sunbillan jokatu diren Nafarroako txapelketako aurreneko bi saioen berri ere emango dute. Eta ohiko ataletan, azpimarratzekoa, artxiboko pieza: Bertso Eguna hurbiltzen ari dela-eta 1981eko Bertsolari Eguneko irudiak erakutsiko dituzte. Paulo Txikia eta Loidisaletxe omendu zituzten orduko hartan.
Ohiko bertso formatuak, ohiko programan eta ohiko ordutegian. ETB3n ostegunean 22:00etan, ETB1en igandean 15:00etan, eta noizgura eitb.comen.