Itxi

Hitzarmena

Bankuek 500 milioi emango dituzte Etxe Babestuak erosteko

Erredakzioa

Akordio honen arabera, Jaurlaritza banketxe hauetan mailegua eskatu eta lortzen duen edonoren bermatzaile gisa azalduko da. Maileguari aurre egin ezinik geldituz gero, etxebizitza hori erosiko du.

Babes Ofizialeko etxeak erostea "errezagoa" izan dadila da Iñaki Arriola eta Carlos Aguirre Etxebizitza eta Ekonomia sailburuek nahi dutena, eta horretarako, 26 banketxe eta finantza erakundeekin akordioa sinatu dute gaur goizean.

Azaldu dutenez, azken urtean "oso zaila izan da banketxeetan mailegua lortzea, etxebizitza erosteko". Akordio honen bitartez, Jaurlaritza banketxe hauetan mailegua eskatu eta lortzen duen edonoren bermatzaile gisa azalduko da.

Beraz, maileguari aurre egin ezinik geldituz gero, Jaurlaritzak etxebizitza hori erosiko du.

Gaurtik hasita, finantza erakundeek emandako kredituen ordainketan atzerapenen bat somatzen dutenean, bankuek abisua emango diote Jaurlaritzari, eta honek hasiko du erosketa prozesua.

Promotoreentzat ere onurak ekarriko ditu akordioak, Jaurlaritzaren esanetan, etxebizitza babestuak eraikitzeko lurzorua eros dezaten ere erreztasunak emango baitituzte.

Hori bai, berrerosketen kasuan bertan bizi direnek etxea utzi beharko dutela argitu dute, baina alokairu sozialean lehentasuna izango dute.

Horrez gain, ordaindu beharreko interes mota berriak ere zehazten ditu akordio honek: euriborra izango da erreferentzia hemendik aurrera.

Alokairuetan ere aldaketa izango da: Bizigune proiektuan dauden etxe jabeek, gehienez ere 600 euro kobratu ahal izango dute alokairua hilero, eta ez 750 euro, orain arte bezala.