Filmak Donostian
Miarritzeko FIPA Jaialdiko lanik onenak Tabakaleran ere izango dira
Erredakzioa
2010eko Nazioarteko Ikusentzunezko Programen Jaialdian parte hartzen duten hainbat film emango dituzte asteburu honetan Donostian. Egungo gizarte arazoak lantzen dituzten hiru zinta aukeratu dira.
Asteburu honetan Tabakalerak Miarritzeko Ikus-Entzunezko Saioen Jaialdiari irekiko dizkio ateak hirugarren urtez. Egunotan ari da ospatzen Miarritzeko FIPA Jaialdia eta bertan parte hartzen duten hainbat film gipuzkoako hiriburuan ikusteko aukera ere izango da, FIPAren beraren eta Donostia Kulturaren arteko elkarlanaren ondorioz.
Urtarrilaren 30ean eta 31an, arratsaldeko 18:00etatik aurerra, lau saio eskainiko dira Tabakaleran: bi larunbatean eta beste bi igandean. Horietatik hiru Tabakalera eta Donostia Kulturako arduradunek hautatu dituzte, FIPAko antolatzaileen laguntzarekin. Laugarrena berriz, larunbat gauean Biarritzen egingo den sari banaketan
irabazle suertatzen direnen artetik aukeratuko da. Beraz, ez dugu haren berri izango igandera arte. Sarrara doakoa izango da.
PROGRAMAZIOA
Hautatutako lanek egungo munduak bizi dituen gizarte arazoak dituzte ardatz nagusi:
Larunbatean, Toxicosis izeneko lanak zabalduko du programazioa. Dokumental txinatarra da eta Myanmar eta Txina arteko mugan gertatzen den produktu eta pertsonen legez kanpoko trafikoaz dihardu. Larunbateko bigarren filma Bakereh -Virgin irandarra izango da. Lan hau Erreportaje Handien sailean aurkeztua izan da Biarritzen eta Irango gizartean nesken birjintasunak duen pisua eta presentzia aztertzen ditu.
Igandean Anvers filmarekin ekingo diegu proiekzioei. Herbeheretatik datorren lan hau Fikzioen sailean aurkeztu dute, eta krisi ekonomikoaren ondorioz familia baten baitan gertatzen den harremanen, bizi mailaren eta abarren gainbehera kontatzen du. Azken filma sorpresa izango da eta ez da ezagutuko igande arratsaldera arte.