Afganistan
Talibanek indarkeria uzteko, ordaindu?
Erredakzioa
Aukerari hori aztertzen ari dira, beste puntu batzuen artean, Afganistanen bizi den gerra egoerari buruz Londresen egiten ari diren goi-bileran.
Munduko herrialde boteretsuenak Londresen bilduta daude Afganistango gatazkari irtenbidea nola eman aztertzeko. Gordon Brown lehen ministro britainiarrak baieztatu duenez, indarkeriari uko egiten dioten soldadu talibanei diruz laguntzeko aurrekontu bat sortzea aztertzen ari dira, herrialde hartan bakea lortzeko eta talibanen gizarteratzea lortzeko.
Hori bai, "gizarteratzeko baldintzak onartzen ez dituzten talibanak militarki jazarriko ditugu; beste irtenbiderik ez dago", erantsi du.
Bestalde, Hamid Karzai Afganistango presidenteak iragarri du "adiskidetzerako kontseilu nazionala" eratuko duela bortizkeria erabiltzeari uko egiten dioten sektore guztiekin.