Itxi

El vaso medio lleno

Lasarte (Reala): "Sosegatuta behar luke taldeak eta hala dago"

Ander Altuna

Zubieta

Bere mutilen jokabidea goraipatu du Zubietak prentsa aretoan. Aldaketa bakarra egingo du hamaikakoan: Zubikaraik ordezkatuko du Bravo.

Neurketa aurreko prentsa agerraldia eskaini du Martin Lasartek Zubietan. Baikor azaldu da berarengan ohikoa den moduan. "Emaitza onak lortzean baretu egiten zara. Guk nabaritu dugu halakorik eta horregatik iruditzen zait zaplasteko batek ez digula txarrik egingo". Elx-en kontra ez ezik, astean zehar jokalariek erakutsitako jokabidea loratu du. "Jarrerarekin harro baino harroago nago. Gogo biziz aritu ziren, grinaz... nahiz eta lan eskerga emankorra ez izan. Ongi ikusten dut taldea. Sosegatuta. Hala behar du gainera. Partida noiz iritsiko zain daude".

Lasartek esandakotik ondorioztatu daiteke ez duela aparteko aldaketarik egingo hasierako hamaikakoan. Zalantza edo, atepean egon liteke, entrenatzaileak ez duelako zehaz-mehatz argitu. Hala ere, Riesgok hilabete darama deialdietatik kanpo eta ez luke zentzu handirik izango bere aldeko apustua egiteak. Are gehiago, uruguaitarraren hitzak aintzat hartuz. "Bolada zaila igaro du Asierrek: joan edo ez, orain aproba egingo dut han, gero hemen… tokiz kanpo utzi du horrek". Bestalde, Nsue, Zurutuza eta Labaka gainerakoen erritmo aritu dira gaur goizeko saioan. Entrenatzailearen aginduetara daude hortaz.

Songo''o izan da iristen azkena. Hauxe dio kamerundarraz. "Sasoian dago. Oso azkarra da, erabakiorra. Atzoko entrenamenduan txukun aritu zen. Ona izango litzatekeen deialdian tokia izatea".

Bihar borobilduko du Realak astea eta ondoren jakinaraziko du Lasartek aukeratuen zerrenda. Las Palmasen kontrakoa etzi izango da. (ETB1en, 18:00etan).



Albisteak (1)