Kontzertua
Musek Madrilen joko du ekainean
Asier Arzuaga
Erredakzioa
Vicente Calderon futbol-zelaian izango da hitzordua, ekainaren 16an. Sarrerak otsailaren 11tik aurrera jarriko dituzte salgai.
Muse banda britainiarra Madrilen arituko da ekainaren 16an, taldeak bere webgune ofizialean jakitera eman duenez. Hirukoteak Vicente Calderon futbol-zelaian joko du eta sarrerak datorren otsailaren 11n jarriko dituzte salgai.
Hala, Matthew Bellamy buru duen taldearen bira Espainiatik igaroko da aurten ere, 2009ko azaroan "The Resistance Tour" biraren baitan Madrilen eta Bartzelonan emandako kontzertu arrakastatsuen ondoren.
Azaroko emanaldi haietan jasotako zaleen erantzun paregabea hobetu nahian itzuliko da talde britainiarra aurten Madrilera eta, horretarako, jendetza handia har dezakeen Vicente Calderon futbol-zelaia aukeratu dute bere zuzeneko potentea aurkezteko.
Sarrerak datorren hilaren 11n salgai jarriko dituzten arren, taldearen zaleek hiru egun lehenago (otsailaren 8an) erosteko aukera izango dute eta MySpace eta Servicaixako erabiltzaileek ere aldez aurretik eskuratu ahal izango dituzte: hilaren 9an, hain zuzen.