Itxi

Polizia operazioa

Ertzaintzak lehergaiak atzeman ditu Ondarroako zulo batean

Erredakzioa

Gainera, beste zulo baten bilari ari dela zabaldu dute hainbat albiste-agentzik. Polizia autonomikoak beste bi lagun atxilotu ditu Ondarroan.

Ertzaintzak zulo bat aurkitu du gaur arratsaldean Ondarroatik gertu, mendi gune batean, eguerdian beste bi lagun Bizkaiko herri honetan atxilotu ondoren. Eta Ondarroan bertan, Ertzaintza ETAren beste zulo bat bilatzen ari dela zabaldu du Europa Press albiste-agentziak ikerketako iturriak aipatuta.

Herrizaingo Sailak ohar batean azaldu duenez, zuloa mugatuta egongo da espezialistek arakatzen duten bitartean.

Aurreratu dutenez, zuloaren barruan lehergaiak, detonagailuak eta nitrometanoa, besteak beste, aurkitu dute dagoeneko.

Operazioa

Ertzaintzak atxiloketa gehiago egin ditu gaur Ondarroan. Atxiloketa hauek joan den asteartean ETAren aurkako polizia-operazioarekin egongo lirateke lotuta.

Agentzien arabera, Urtza Alkorta Arrizalaga eta Zumbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga dira atxilotutakoak.

Astearteko operazioan atxilotutako ETAko ustezko bost kideei hiru atentatu leporatzen dizkiete: 2008an Ertzaintzak Ondarroan duen komisariaren aurka egindakoa, Azpeitiko telebista hedagailu baten kontrakoa eta Abiadura Handiko Trenaren obretan egindako bat.

Miaketak

17:20 aldera Ondarroako San Juan Txurru kaleko etxebizitza batean miaketa amaitu dute ertzainek. Bertatik dokumentazioz beterik bi kutxa atera dituzte, baita operazioan atxilotutako lagun bat ere.

Ordubete lehenago Ondarroako elizaren alboan dagoen beste etxebizitza bateko miaketa amaitu dute, bertan beste atxilotu bat zelarik.

Lekukoek jakitera eman dutenez, miaketen tokira lau auto, Ertzaintzaren bereizgarririk gabe, eta bi furgoneta bertaratu dira. Agenteak irainekin eta atxilotuen aldeko oihuekin agurtu dituzte 50 bat gaztek.

Albisteak (3)

Bideoak (1)