Itxi

Bilera

Lehendakariak "oinarrizko" 10 proposamen helarazi dizkio Urkulluri

Erredakzioa

Bi buruzagiak ordu eta erdiz batzartu dira Lehendakaritzan. Norberak bere aldetik egingo du bileraren balorazioa.

Patxi Lopez lehendakariak 10 proposamen mahaigaineratu dizkio gaur Iñigo Urkullu EAJko presidenteari, hainbat alorretan "oinarrizko akordioak" lortzeko xedez.

Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako buruak iragarritako "kontratu sozialean" gehituko dituen proposamen batzuk dira, Lehendakaritzaren iturriek baieztatu dutenez.

Gasteizko gobernuburuak gaur Gasteizen egindako bileran helarazi dizkio proposamenak Urkulluri. Biak ordu eta erdiz batzartu dira Lehendakaritzaren egoitzan.

Aipatu iturrien arabera, "Euskadi modernizatzeko" proposamenak dira, hala nola enplegu, osasun, hezkuntza, udal lege, iruzur fiskal eta administrazioaren erreformaren alorretan.

Orain, norberak bere aldetik egingo du bileraren balorazioa. Urkulluk Bilbotik, eta lehendakariak Eibartik.

Bilera 10:30ean pasata hasi da Lehendakaritzaren egoitzan, eta Patxi Lopez lehendakari denetik bi buruzagiak batzartu diren bigarren aldia izan da. Aurrekoa 2009ko ekainaren 9an izan zen, baina ez zen oso emankorra izan.

Elkar agurtu ondoren, lehendakaria eta Urkullu bileren aretora sartu dira, han dauden kazetarien artean ikusmin handia zegoela. Bitxikeri gisa, bi buruzagiek gorbata berdina jantzi dute, baina tonu ezberdinekin.

Gaurko bilera berotuta etorri da hasieratik, Jose Antonio Pastor bozeramaile sozialistaren adierazpen batzuek bi alderdien arteko tentsioa areagotu baitu azken egunetan.

Izanere, aste honetako polizia operazioaren ostean, Pastorrek zalantzan jarri zituen Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren garaian Ertzaintzak ETAren aurka egindako ahaleginak.

Albisteak (5)

Bideoak (1)