Gaur ETB-2n
Oscar Terol Euskal Telebistara itzuli da "Uyyyyy!" saioarekin
A.A.
EITB
Bainetek ekoiztuko duen programak kirola eta umorea izango ditu ardatz, eta astelehenero izango da ikusgai ETB-2n.
Gaur gauean, 21:55etik aurrera, "Uyyyyy!" saio berria estreinatuko du ETB-2k. Oscar Terol umoregileak aurkeztu eta zuzenduko duen programa hau show moduko bat izango da, kirola eta umorea ardatz dituena, eta ikus-entzuleen entretenimendua du helburu. Bainet ekoiztetxeak egingo du eta astelehen gauero izango da ikusgai ordutegi nagusian, zuzenean, gaueko hamarretatik hamaiketara.
"Uyyyyy" saioak kirol jardunaldiaren azterketa egingo du astelehenero umore ukituarekin. Ordubete iraungo duen saioan kirol aktualitatearen inguruko mahai ingurua egingo dute lehendabizi. Astero kirol eta musika munduko adituak izango dituzte solaskide. Javi de Pedro eta Patxi Salinas kolaboratzaile finkoak izango dira eta lehen saioan, eurekin batera, Almudena Cid eta Mikel Erentxun egongo dira. Horrez gain, Agurne Anasagastik egindako erreportajeak eskainiko dituzte eta beste hainbat atal ere izango ditu, Kike Diaz de Rada eta Santi Ugalde aktoreen eta Iñigo Asensio kazetariaren eskutik.
Elkarrizketa izango da saioaren osagai nagusietako bat. Kirolarekin lotura duen gonbidatu berezi bat izango dute platoan astero eta harekin patxadaz mintzatuko dira, beti ere umorea ahaztu gabe. Estreineko programan Javier Clemente etorriko da.
Programaren azken zatian Peio Ruiz Cabestany izango dute kolaboratzaile. Astero erronka bati egin beharko dio aurre txirrindulari ohiak. Kirol jarduera ezberdinetan duen abilezia erakutsi beharko du, jarduera horretako ordezkari baten aurka indarrak neurtuz. Gaur Alberto Coto, kalkulu mentalean munduko txapelduna, izango du arerio. Donostiako Velodromoko pistan hiru proba egingo dituzte txirrinduarekin eta ondoren Miramongo estudioetan matematikako ariketa bat gainditu beharko dute. Tarte honetan publikoak parte hartzeko aukera izango du, Peiori desafioak proposatuz.
Anjel Alkain aktorea ere agertuko da "Uyyyyy!" saioan; Oscar Terolen entrenatzaile pertsonala izango da.