Itxi

Elkarrizketa Radio Euskadin

Erkoreka:"Bilerak porrot egiten badu Patxi Lopezen errua izango da"

Erreakzioa

Bozeramaile jeltzalearen iritziz, Patxi Lopezen eta Urkulluren arteko bileraren arrakasta lehendakariaren proposamenen araberakoa izango da.

Josu Erkoreka EAJren Kongresuko bozeramaileak adierazi du lehendakariaren eta Iñigo Urkullu EAJko presidentearen arteko bilerak porrot egiten badu Patxi Lopezen errua izango dela "batik bat", deitzailea izan delako.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, diputatu jeltzaleak azaldu du lehendakariak deitu ziola EAJri bilera antolatzeko, baina ondoren, "politikaren munduan aurrekaririk ez duen ekintza batean, haren laguntzaileak guri kritikatzen jarri zituen".

"Ikusiko dugu zer emango duen bilerak. Gu ikuspuntu eraikitzailearekin joango gara, Iñigo Urkulluk iragarri zuen, baina bilerak porrot edo arrakasta izatea deitzaileak, Lopez lehendakariak, mahaigaineratzen duen araberakoa izango da", gaineratu du.

Nolanahi ere, EAJko bozeramaileak uste du badagoela bi alderdien artean adostasuna izateko posibilitatea "Euskadin ongizatea eta bizi baldintzak hobetzearekin zerikusia duten puntu guztietan".