Itxi

20. jardunaldia

Fuenlabrada-Bilbao Basket: Infernutik ihesi

Erredakzioa

Talde madrildarrak salbazioa markatzen du, bilbotarrak baino bi garaipen gehiagorekin. Salva Guardiak ez du Bizkaia taldean jarraituko, kontratua eten baitute bi aldeek.

Bizkaia Bilbao Basketek Ayuda en Accion Fuenlabradaren aurka jokatuko du (larunbata, 19:30ean) Trevisoren aurkako garaipenak emandako bultzadatxoa luzatzeko asmoarekin, ACBko jaitsiera postuetatik irteteko ahalegin betean.

Garaipen horrek, 69-76 Italian era ederrean, lehenengo poztasuna eman dio Fotis Katsikarisi bilbotarren aulkian, estreinako partidan porrota jaso baitzuen entrenatzaile greziarrak Caja Laboralen aurka (71-86).

Fernando Martin Pabilioiko hitzorduak garrantzi berezia dauka Bilboko taldearentzat. Aurkari zuzena dute talde madrildarra eta gainera, ez dator denboraldiko sasoirik onenean, inolaz ere.

Orain ez dute sasoi ona, baina lehenengo itzulian ACB liga aztoratu zuten joko bikainarekin. Iazko urrian, madrildarrek Bizkaiaren ahultasunak agerian uzten hasi ziren, gerora berretsi egin ziren, lehenengo itzuli negargarria eginda.

Baikor izateko argudio ahulak agertu ditu Bilbao Basketek Baskoniaren eta Benettonen aurkako partidetan. Robert Conleyren eta Salva Guardiaren fitxek aktibatu gabe jarraituko dute. Pibot valentziarrak Fuenlabradan, hain zuzen ere, jokatuko du denboraldia bukatu arte, Bilbon ez baitu jokatzeko aukerarik edukiko.

Bilbao Basketek Fuenlabradara egindako azken lau bisitetan garaipen bakarra lortu du, 2008ko apirilaren 3an. Garaipen horrekin, azkenaurreko jardunaldian, Bilbao Basketek play-offetarako txartela lortu zuen.