Itxi

Internet

Facebook-en birus faltsu bat bidaltzen ari direla ohartarazi dute

Erredakzioa

Oharrak posta elektronikoaren bidez heltzen dira erabiltzaileengana. Ziber-lapurren helburua biruskontrako programen bidez erabiltzaileek iruzurrezko aplikazioaren lizentzia erostea da.

Panda Security konpainia euskaldunak azken 72 orduetan Facebook sare sozialeko erabiltzaileen artean birus alerta faltsu bat bidaltzen ari direla ohartarazi du. Iruzurraren egileen helburua, erabiltzaileen ordenagailua biruskontrako faltsuekin kaltetzea da.

Informatika segurtasun enpresaren arabera, alertak posta elektronikoaren bidez heltzen dira eta Facebook-eko aplikazioen konfigurazioan "un named app" deituriko aplikazioa ezabatzea aholkatzen diete erabiltzaileei.

Iruzurra erabiltzaileek hedatzen dute mezu horiek berbidaltzerakoan eta sare sozialeko ''horman'' publikatzerakoan.

Erabiltzaileak, mezu faltsua jaso ostean, bilaketa bat egiten badu interneten, webgune faltsu ugari aurkituko ditu eta haietatik ''LivePcCare'' deituriko biruskontrako faltsu bat deskargatu dezake. Aplikazio horrek gezurrezko birus mehatxu ugari aurkitzen ditu.

Erabiltzaileek mehatxuak ezabatzen saiatzen direnean aplikazioaren bitartez, lizentzia bat erostea eskatzen diete. Ustez, ziber-lapurrek 400 milioi dolar baino gehiago eskuratu dituzte sistema horrekin.