Kirol arloan du buruan
Toquero (Athletic): "Nire kontratu luzapenak ez nauka nahastuta"
Haritz Gallastegi
Lezama
Aurrelari gasteiztarrak ez du "presioa" nabaritzen; bere lehen aukera Athletic dela berretsi du.
Caparrosen, Yesteren eta Toqueroren kirol etorkizuna denboraldia amaitu aurretik jakingo da. Hasiera batean, Athleticeko agintariek hirurek jarraitzea gura dute, baina ez dute akordiorik lortu. Toquero, hala ere, lasai dago. "Nire ordezkariaren ardura da negoziazioa. Ni ez naiz presiopean jokatzen ari eta burubelarri ari naiz lanean. Nire lehen aukera Athleticen jarraitzea da", adierazi du Toquerok.
Kirol arloan aurrera begiratu beharra dauka Athleticek. Azken emaitzak txarrak izan dira eta emandako itxura ere ez da baikor egoteko modukoa izan. Horregatik, Xerez mendean hartzeko premia ikusten dute jokalariek. "Dinamika txarrean gaude eta irabazi egin behar dugu igandean", esan du aurrelari gasteiztarrak.
Xerez sailkapeneko azkena izan arren, aurkari arriskutsua izango da. Azken jardunaldian Mallorca hartu du mendean. Susaetak ere badaki ez dela samurra izango. "Xerezen kontrako partidak tranpa dauka".
Min hartutako jokalariak
Athletic esku hutsik bueltatu zen Cornella-Pratetik. Hiru puntuak etxeko taldeak eskuratu zituen, baina zauriek eragindako puntu guztiak zuri-gorrientzat izan ziren. Ondorioz, Yestek eta Ustaritzek taldearekin entrenatu barik jarraitzen dute. Gurpegik, berriz, bihurritua dauka belaunean. Ez dago argi euren parte hartzea.