Itxi

Elkarrizketa ETBn

Cabieces: "Ezin da elkarrizketa kriminalizatu"

Erredakzioa

Ezker abertzalearen barruko eztabaidaren inguruan, EAEn gobernuaren ordezkariak adierazi duenez, "nahi bezain beste eztabaidatu dezakete" baina garrantzitsuena "ETAk indarkeria uztea" da.

Auzitegi Gorenak Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak eta PSEko agintari batzuek legez kanpoko Batasunarekin izandako elkarrizketen inguruko kasua artxibatu ostean, Mikel Cabieces gobernuaren ordezkaria EAEn "pozik" agertu da epaiarekin.

Epaiketaren emaitza kontrakoa izan arren, erabakia errespetatuko zukeela adierazi du, baina "indarkeriarekin amaitzeko elkarrizketa kriminalizatu ezin" dela gehitu du ere.

Bestalde, EAJk "bere burua munduaren ardatza dela eta konplot guztien biktima dela uste" duela adierazi du.

Atzo amaitu zen Egunkariaren epaiketaren inguruan EAJko kideek egindako adierazpenei buruz, Cabiecesek "Espainiako epaiketa sistema errespetatu" behar dela adierazi du ETBn egindako elkarrizketa batean. "Nahiz eta erabakiarekin ados egon edo ez, bere buruaren jabe dela erakutsi du", gehitu du.

ETAren kontrako borrokan "batasunaren balioa aniztasunaren" aurrean jartzera deitu du. Ezker abertzalearen barruko eztabaidaren inguruan, "nahi bezain beste eztabaidatu dezakete, baina euskal gizarteari axola zaion gauza bakarra ETAk hiltzeari uztea edo publikoki indarkeria gaitzestea da", adierazi du Cabiecesek.

EAk bere hauteskundeetako zerrendan ezker abertzaleko kideak sartzeko aukerari buruz, "ezker abertzalearekin harremanetan hasi baino lehen, indarkeriaren gaitzespena exijitu behar diotela" azpimarratu du Cabiecesek.