Batasunarekin bilerak
Auzitegi Gorenaren epaiak poza eta dimisio-eskaerak ekarri ditu
Erredakzioa
Jaurlaritza pozik agertu da, EBk Fernando Ruiz Piñeiroren dimisioa eskatu du eta PPk berriro esan du ezin daitekeela Batasunarekin hitz egin. EAJk uste du Ibarretxeri kalte egiteko prozesua izan dela.
Auzitegi Gorenak elkarrizketa politikoa delitua ez dela, hots, Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak eta PSEk Batasunarekin izandako elkarrizketak kriminalizatu ezin daitezkeela ondorioztatu izanak hainbat erreakzio eragin ditu.
Idoia Mendiak esan duenez, Eusko Jaurlaritzak pozik hartu du Gorenaren epaia, "jurisprudentzia garrantzitsua ezartzen duelako", baina Fernando Ruiz Piñeiro EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteak dimisioa aurkeztea beharrezkoa ez dela azpimarratu du.
Epai horrekin 2006an auzibide judizialari "amaiera" ematen zaiola eta "botere politikoaren eta judizialaren jarduerari buruz egon zitezkeen zalantzak" argitzen direla nabarmendu du. Horrez gain, ukatu egin du "esparru politikoaren judizializazioa".
Andoni Ortuzar EAJren BBBko presidenteak ere begi honez hartu du erabakia, baina auzi hau "muntaia bat" izan ez ote den zalantza agertu du. Bere iritzian, Juan Jose Ibarretxeren agintaldia "ahultzeko" eta lehendakari ohiaren "irudia kaltetzeko" auzia izan den argitu gabe geratu da.
Jose Antonio Pastorren arabera, PSEk ere pozik hartu du aipatu auziaren behin-betiko artxibatzea. "Beti esan dugu prozesu judizial honi inoiz ez zitzaiola hasiera eman behar izan, baina beti agertu du justiziarenganako errespetua eta jarrera bera izango genukeen sententzia kontrakoa izan balitz ere", azaldu du.
Antonio Basagoiti Euskadiko PPren presidenteak esan du Auzitegi Gorenaren erabakia errespetatzen duela, baina Batasunarekin hitz egitea legezkoa izan arren, ez dela "bidezkoa ezta egokia ere" azpimarratu du.
Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiaren iritzian, Gorenaren epaiak onartu egiten du elkarrizketa politikoa "bakea eta normalkuntza politikoa bezalako helburu legitimoak lortzeko ahalegin berezia dela".
Eusko Alkartasunaren arabera, "agerian geratu da epaiketa zentzugabea izan dela, demokraziaren oinarrietako bat den elkarrizketa politikoa kriminalizatu nahi izan duelako. Amaitu behar zen moduan amaitu da, izan ere, politikoen arteko elkarrizketak auzitegira eramatea burugabekeria da".
Gauzak horrela, bakea eta normalkuntza politikoa lortzeko "hitz egitea" beste biderik ez dagoela nabarmendu du EAk.
Serafin Llamas Ezker Batuko presidentziaren bozeramaileak EAEko Auzitegi Nagusiko presidente den Fernando Ruiz Piñeiroren kontra egin du eta haren dimisioa eskatu du, izan ere, EAEko Auzitegi Nagusiak eman zion hasiera orain artxibatu den prozesu judizialari.
"Duintasunagatik eta koherentziagatik dimititu egin beharko luke, agerian geratu baita inpultso politikoek bultzatuta jardun zuela", azpimarratu du.