Itxi

113 hildako

Concorderen istripuaren epaiketa abiatu dute

Erredakzioa

10 urte geroago, Continental Airlinesen sei langile akusatuen aulkian eseriko dira. Titanio xafla batek gurpil bat zulatu zuen eta hegazkinak su hartu zuen.

Frantziako justiziak gaur abiatuko du Concorderen istripuaren epaiketa Pontoiseko Zigor Epaitegian (Pariseko iparraldean). 113 hildako eragin zituen eta auzia maiatzera arte luzatuko da.

2000. urteko uztailaren 25ean, Concordek aireratzeko unean su hartu zuen eta, minutu pare batez, airean egon zen Gonesseko udalerriko hotel baten aurka jo zuen arte. Continental Airlines konpainia estatubatuarreko sei langile akusatuen aulkian eseriko diren bitartean, hegaldiko operadore zen Air France ez dago akusatuen artean.

Aurretiko ikerketen emaitzen arabera, Continental Airlinesen hegazkin batetik eroritako titanio xafla txiki batek Concorderen gurpil bat zulatu zuen. Horrenbestez, zenbait zati hegazkinaren erregai-tankak kaltetu zituzten eta sutea eragin zuten.

Aurreko astean, Olivier Metzner Continentaleko abokatuak, istripuaren arduradun izatea ukatu zuen eta egitateen bertsioa bertan behera utziko duten 28 lekuko dituztela baieztatu zuen.

Biktimen familiarrek epaiketan izango dira. Bidaiari guztiak (100) alemaniarrak ziren, eskifaiko kideak (9) eta hegazkina erortzerakoan zapaldu zituen beste lau lagun izan ezik.


Bideoak (1)