Paueko Auzitegia (Frantzia)
Ibai Peña aske geratu da
Erredakzioa
Espainiari ez entregatzea erabaki du Frantziako Justiziak, ondorioz, Peña aske geratu da. Ibai Peña urtarrilaren 8an atxilotu zuten Baionan eta ondoren kartzelan sartu zuten.
Ibai Peña gazte arabarra aske geratu da arratsaldean, Paueko Auzitegiaren (Frantzia) aginduz. Peña Espainiari ez entregatzea erabaki du Auzitegiak. Auzitegi Nazionalak Peña bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman zuen 2009ko ekainean. 2006an kale-indarkeria ekintzetan ustez parte hartzeagatik bederatzi urteko kartzela-zigorra eskatu zuen fiskalak, baina gaztea ez zen epaiketan aurkeztu.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakitera eman duenez, Ibai Peña urtarrilaren 8an atxilotu zuten Baionan eta ondoren espetxean sartu zuten. Iragan hilean Auzitegi Nazionalak emandako euroaginduaren kontra egiteagatik epaitua izan ostean, Paueko Auzitegiak Espainiari ez entregatzea erabaki du gaur, ondorioz, Peña aske geratu da.
Peñak ustez SEGI ezker abertzaleko gazte erakundearen ekintzetan parte hartu zuen, pertsonen eta ondasun publikoen kontrako erasoetan.