Haitiko Gobernuaren arabera
Dagoeneko lurrikarak 200.000 hildako baino gehiago utzi ditu Haitin
Erredakzioa
Krisiari aurre egiteko Gobernuaren egitura aldatzea proposatu du Haitiko lehen ministroak Senatuaren aurrean. Etxea galdu dutenei ostatu ematea arazo nagusia da oraindik.
Port-au-Prince kolpatu zuen lurrikararen ondorioz dagoeneko 200.000 hildako zenbatu dituztela esan du gaur Jean Max Bellerive Haitiko lehen ministroak. Gainera, hondakinen azpian geratu diren gorpuak eta senideek hilobiratutako biktimak kopuru horretan ez daudela azaldu du Bellerivek.
Bellerivek Senatuan egindako agerraldian eman ditu datu horiek eta Gobernuaren egitura aldatzea proposatu du lurrikarak utzitako krisiari aurre egiteko.
"Gobernuak, gaur egun duen egiturarekin, ezin dio egoerari aurre egin", esan du lehen ministroak. Alternatiba gisa krisi Exekutibo bat osatzea proposatu du, ministroen funtzioak birdefinituz. Bestela, Gobernua dagoen bezala utzi eta Krisi Batzorde Nazional bat sortzea proposatu du.
Premiazko neurriak
Gobernuak egindako kudeaketaren balantze orokorra egin du agintariak eta lurrikararen ostean premiazko neurriak hartu behar zirela gogorarazi du, komunikabideak berrezartzeko, gorpuak kaleetatik kentzeko eta zirkulazioa berrantolatzeko hondatutako hiriburuan.
Erregaia lortzea eta ospitaletan zaurituak artatzea premiazkoa izan dela aipatu du Bellerivek, baita merkataritza suspertzea eta nazioarteko laguntza koordinatzea ere.
Hiriburuko aireportuan izan ziren azpiegitura arazoetaz mintzatu da Bellerive eta laguntzaren banaketagatik "biztanlerian eta Gobernuan frustrazioa" dagoela esan du, izan ere, lehen momentuan hegazkinek ez zuten lur hartzeko aukerarik izan.
Ostatua
1,1 milioi lagun etxerik gabe utzi zituen lurrikara gertatu zenetik hiru aste pasa direnean, jendeari ostatu emateak arazo nagusia izaten jarraitzen du Gobernuarentzat eta herrialdean lanean ari diren erakundeentzat. Izan ere, urtaro euritsua heltzeko gutxi falta da eta kaltetuek babesteko tokirik ez izateak asko kezkatzen du.