Itxi

Iruñean

Emakume bat epaituko dute seme-alabetako bi hiltzea leporatuta

Erredakzioa

Mutiloagoitiko emakumeari beste bi seme-alaba hiltzen saiatzea ere leporatzen diote. Fiskalak 62 urteko kartzela-zigorra eskatuko du 2008ko otsailean gertatu zenagatik.

Nafarroako Probintzia Auzitegiko Hirugarren sekzioan bi eguneko epaiketa egingo dute seme-alabetako bi hiltzea eta beste bi hiltzen saiatzea leporatzen dioten emakume baten kontra. Mutiloagoitin izan zen gertakariagatik, fiskalak 62 urteko kartzela-zigorra eskatuko du.

Tragedia duela orain bi urte gertatu zen Mutiloagoitin. Fiskalaren idatziaren arabera, 40 urteko emakumeak botika lasaigarriak eman zizkien bere lau seme-alabei afariarekin nahasita. Baina emandako botika aski ez zela ohartu zenean, almoada edo burukoarekin ito zituen txikienak, 3 eta 7 urtekoak. Zaharrenak, 12 eta 14 urtekoak, hiltzen saiatu zen laban batekin lepoa mozten, baina ez zuen lortu. Egindakoa aitortuz lau ohar utzi zituen.

Dibortziatzeko bidean zen senarrarentzako, semeentzat, familiarentzat eta bere abokatuarentzat.

Ondoren, bere buruaz beste egin nahi izan zuen emakumeak, etxeko garajean autoaren kea arnastuta.

Fiskalaren idatziak dio bikotea dibortziatzen ari zela, aitak haurren zaintza partekatua nahi zuela, eta ez zuela onartu nahi. Horrek eragin zizkion estresa, bere senarrarenganako amorrua eta izaeraren trastorno nartzisista. Hala ere, egoera horretan egiten zuenaz jabetzen zen hein batean, fiskalak hitzez hitz dio arinki murriztuta zituela bere borondate eta ezagutza ahalmenak.