Valentzian
Montroyko udaletxea miatzen ari dira ustelkeria kasu batengatik
Erredakzioa
Guardia Zibila aurreko Udalaren kudeaketarekin zerikusia izango lukeen hirigintza arloko delitu bat ari da ikertzen.
Guardia Zibileko agenteak Montroyko (Valentzia) udaletxea miatzen ari dira goizean goizetik hirigintza arloan ustez izan den ustelkeria kasu baten harira. Aurreko Udalak (PP eta Union Valenciana buru zituen) ustez egindako delitu bat ikertzen ari dira.
Poliziako iturriek jakitera eman dutenez, 09:30 inguruan hasi dira miaketak, baina oraindik ez da atxiloketarik izan.
Montroy 2.500 biztanle inguruko herri bat da, Valentzia hiriburutik 27 kilometrora dagoena, eta Antonio Polo Besso sozialista da oraingo alkatea.
2006an lortu zuen alkate postua Javier Carrionen ordez. Azken horrek UVren zinegotzien babesa galdu zuen, eta beharrezkoa zitzaion gobernatzeko.
Oraingoz, ez dute ikerketaren inguruko xehetasunik eman, izan ere, Guardia Zibilak esan du "sekretupean" dagoela.