Aurrerapena
Bertso Eguna HHn: bertsolaritza eta artea uztartuta
Erredakzioa
Artistikoa, ernagarria eta esperimentala izan da aurtengo Bertso Eguna eta Santa Ageda bezperako Hitzetik Hortzera osorik egun horri emana dator.
Bertso Eguna:&' || 'nbsp;Arratsaldeko saioko onaurkiak, afalostekoak eta protagonisten iritziak izango dira aste honetako Hitzetik Hortzearn. Ohiko ataletan ere gisa horretara: 1970 Bertsolari Eguneko ofizio ederra zuri-beltzekoan eta 2001ean afalostean izandako saio zirikatzailea ZAPPINGean.
"Hustubetehustu" lelopean, Oteizaren bueltan joan zen Kursaaleko saioa. 1.800 bat lagunek gozatu zuten, hemeretzi bertsolarik eta dozena erdi dantzarik oholtza gainean eskaini zuten ikuskizunaz. Aipatzekoa Jon Maiaren bakarkako lana, maindire zuri baten gainean oinutsik bertsotan. Iñaki Gurrutxagak ere ederto baten erantzun zien pilotaren gainean jarri zizkioten puntuei. Eta Zubeldia oholtzara hurbildu ahala iritsi ziren barre-algarak. Beste bertsolarien tranpa guztiak argitara atera zituen. Hutsune guztiak betez emango dute egunaren berri Hitzetik Hortzeran.
Bertso afarian, behin kupelak hustuta, Maddalen Arzallusek eta Miren Amurizak gitarra eta tinbal soinuekin, euren amei bertso jarri hunkigarriak eskaini zizkieten. Kopla txapelketa ere izan zen gero. Gainera afaltzen zeudenek aukeratu zuten txapelduna. Txapeldun nor izendatu zuten jakin gura duenak, piztu dezala telebista.
Gainera Zizurkilgo San Millan eskolako haurrek, ohitura zaharra berrituz, kopla batzuk kantatuko dizkiete ikus-entzuleei.
Arratsaldeko ekitaldia, afalosteko saioa, zappinga... Bertso Egunaren zirrikitu guztiak ikusgai HHn. Ostegunean 22:00etan ETB3n ordubeteko bertsioa eta laburpena igandean 15:00etan ETB1en. Sarean ere bai, eitb.comeko Kultura atarian.