Bere ikastetxean
Adingabe bat atxilotu dute, Sestaon zenbait sute piztea egotzita
Erredakzioa
Amezaga zine zaharrari eta Angela Figuera institutuan ziren bost ibilgailuri su ematea leporatu diote 16 urteko adingabeari.
16 urteko adingabe bat atxilotu du Ertzaintzak bere ikastetxean, Sestaon (Bizkaia). Azken hilabeteetan izandako zenbait suteren ustezko egilea dela uste dute, besteak beste, Amezaga zinean gertatutakoa, Ertzaintzak jakitera eman duenez.
Amezaga zine zaharrari eta Angela Figuera institutuan ziren bost ibilgailuri su ematea leporatu diote adingabeari.
Era berean, Mazkonzagako aparkalekuan galondoei ustez su eman zien adingabeak, eta gertu zen institutua hustu behar izan zuten. Hirigunean zabor edukiontzi bat erretzea ere egotzi diote atxilotuari.
Adingabeen Fiskaltzaren esku utzi ostean, Adingabeen Zentro batean sartzea agindu du horrek berehala. Bien bitartean, ikerketa zabalik dago azkenaldian udalerrian izan diren beste sute batzuk argitzeko.
Ikerketa
2009ko urrian zenbait ibilgailu kiskali eta gero hasi zen ikerketa, Ertzaintzak jakinarazi duenez.
Gutxi geroago, azaroaren 20an, Mazkonzagako auzoan sutea izan zen sastrakadi batean, eta Antonio Trueba ikastetxea hustera behartu zuen horrek.
Azaroaren 29an Amezaga zinean sutea izan zen eta, ondorioz, Udalak eraikuntza eraistea erabaki zuen, behera etortzeko arriskua zelako. Amezaga eraikuntza enblematikoa zen, baina abandonatuta zegoen.
Abenduaren 30ean Angela Figuera institutuko aparkalekuan ziren bost ibilgailuri su eman zieten, Sestaoko Pablo Sarasate kalean. Ondorioz, hiru ibilgailu guztiz kiskali ziren eta gainerakoek kalte larriak izan zituzten.