Iruzkina
Sinestezina bada ere, egonkortasuna Grezian
Jesus Torquemada
Gertatu den guztia gertatu ondoren, egoera politiko egonkorra utzi dute hauteskundeek, urtarrileko emaitzen antzekoa lagata.
Luzerako dugu Alexis Tsipras. Hauteskundeak hain egoera zailean irabazi izanak erakusten du greziar gehienek konfiantza dutela Tsiprasengan. Akats larririk egiten ez badu, eta batez ere, ustelkeriaren aurka egiten badu, Tsiprasek gobernu egonkorra osatuko du eta luzaroan egongo da boterean. Kontraesana badirudi ere, greziarrek pentsatu dute hobe dela Tsipras izatea hirugarren erreskatean aurreikusitako neurriak ezarriko dituena, Tsipras eta Syriza bere alderdia neurri horien kontra daudela jakinda.
Egoera hori izanik, bazirudien Syrizatik bereizitakoek sortutako Herriaren Batasunak ezkerreko boto gehiago lortuko zituela; nazkatutakoen bozak bereganatuko zituela, baina botoen % 3 ere ez ditu jaso, eta ondorioz, Parlamentutik at geratu da. Era berean, emigrazio krisi bete-betean uste zen Urrezko Egunsentia alderdi neonaziak ere botoak eskuratuko zituela. Egia da zerbait igo dela, baina ez ikusgarri. Hori honela, eta sinesgaitza badirudi ere, gertatu den guztia gertatu ondoren, egoera politiko egonkorra utzi dute atzoko bozek; ia errepikatu egin dira joan den urtarrilean egindako hauteskundeetako emaitzak.