Otoitzaren Gosari Nazionala
Zapatero eta Obama, elkarrekin AEB-EB batzarraren plantoaren ostean
Erredakzioa
Espainiako Gobernuko presidenteak AEBetako Otoitzaren Gosari Nazionalean parte hartuko du gaur, hizlari gonbidatu bezala. Ekitaldi horrek hasiera ematen dio herrialde hartako urte politikoari.
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak AEBetako Otoitzaren Gosari Nazionalean parte hartuko du gaur.
Ekitaldi horrek hasiera ematen dio herrialde hartako urte politikoari. Beraz, AEBetako politikagintzaren eta enpresaren munduko ordezkari garrantzitsuak biltzen ditu. Zapatero ekitaldi horretan hizlari gonbidatu bezala arituko den lehen espainiarra izango da.
Ekitaldi honen inguruan antolatzen diren ekimenek zenbait egun irauten badute ere, une inportanteena otsaileko lehen ostegunean izaten da, AEBetako presidenteak eta hizlari gonbidatuak hitz egiten dutelako.
Horrenbestez, Barack Obamak eta Zapaterok elkar ikusiko dute 07:00etan (13:00etan Euskadin), eta bilera egingo ez badute ere, elkarrekin hitz egin ahal izango dute euren hiltzaldiak hasi baino lehen.
Astelehenean, Washingtonek iragarri zuen Obama ez dela joango AEBek eta Europar Batasunak maiatzean Madrilen egingo duten goi-bilerara.
Agnostiko bat ekitaldi erlijioso batean
Zapateroren hitzaldiaren edukia guztiz sekretua da oraindik.
Baina entzuleen soslaia ikusita (elkarrizketa eta gizarteratze balioak barneratuta dituzten politikariak), baliteke Espainiako gobernuburuak tolerantzia, fedeen arteko bizikidetza eta sexu berdintasuna hartzea hizpide.
Dena dela, ikusteke dago Jainkoaz ere arituko den, bera agnostikoa baita.
Otoitzaren Gosariak kutsu politikoa du batik bat gaur egun, baina jatorria erlijiosoa da eta hizlari gonbidatuek Jainkoaz eta erlijioaz ere hitz egin ohi dute.