Itxi

Emaitzak

Santanderrek gora egin du krisi garaian

Erredakzioa

Historiako emaitzarik onenak eskuratu ditu: 8.943 milioi euroko irabazi garbia izan zuen 2009an, %0,7 gehiago.

Atzeraldi ekonomikoak ez dio Santander taldeari kalte handirik egin eta historiako emaitzarik onenak lortu dituela esan du Emilio Botin taldeko buruak. Ia 9.000 milioi euroko (8.943) irabazik izan zituen 2009an, aurreko urtekoan baino %0,7 gehiago.

Baloreen Merkatuko Batzorde Nazionalak jakinarazi duenez, kapitala handitu, Brasilgo enpresa filiala Burtsan jardun, zorretako emisioak trukatu eta Marokoko bankuaren %10 saldu ondoren, aparteko gainbalio garbietatik 2.587 milioi euro bideratu ditu borondatezko horniduretara.

Adituek aurreratu dutenez, Akziodunen Batzarrean iaz jarritako helburuak bete ditu Santanderrek, irabazi zein dibidenduei (4.919 milioi, 2008an baino %2 gehiago) dagokienez.

Berankortasun tasa %3,24koa izan da, iazkoa baino puntu bat handiagoa eta kaudimengabeziarako gastu-estaldura %75,33koa da, duela urtebetekoa baino (%90,64) okerragoa, baina hobetu egin da hirugarren hilabetez jarraian.

Emilio Botinen taldeko presidenteak jakinarazi duenez, "egungo egoera aintzat hartuta historiako emaitzarik onenak dira". Irabaziak eta dibidenduak kontuan izanda, bigarren urtez jarraian "mundu mailan lekurik gorenetan dago Santander", gaineratu du.

Kontsultatu Burtsaren inguruko informazioa eitb.com-en.