Pentsioen polemika
PPk ez du baztertzen Zapateroren aurkako zentsura mozioa aurkeztea
Erredakzioa
PPko idazkari nagusiak ohartarazi du mozioa aurkezteko babes bila hasiko direla egoera ekonomikoa eta Gobernuaren jarrera aldatu ezean.
Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak ziurtatu du bere alderdiak ez duela baztertzen Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentearen aurkako zentsura mozioa aurkeztea, haren Exekutiboa "geldirik" eta "noraezean" baitago.
Cope irrati-katean egindako adierazpenetan, Cospedalek hizpide hartu du pentsioak kalkulatzeko epea 15 urtetik 25era igotzeko Espainiako Gobernuak zuen asmoa. Hori horrela, "proiektu ekonomikorik" eta "sinesgarritasunik" ez izatea egotzi dio.
PPko buruzagiak ohartarazi du PPk babesak bilatuko dituela zentsura mozioa aurkezteko egoera ekonomikoa eta Gobernuaren jarrera aldatu ezean, bere alderdia "prest" baitago gobernatzeko.
Halaber, egoera ekonomikoaz baino, Zapatero Europar Batasuneko Presidentetza espainiarraz eta Washingtongo Otoitzaren Gosari Nazionalaz kezkatuago dagoela kritikatu du.