Itxi

Bilera Ajuria Enean

De la Vegak ukatu egin du kotizazio epea luzatzea proposatu dutela

Erredakzioa

Espainiak EBko presidentetzan egingo duen lanaz hitz egiteko bildu dira Espainiako presidenteorde lehena eta Patxi Lopez lehendakaria.

Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako presidenteorde lehenak ukatu egin du Espainiako Gobernuak kotizazio epea luzatzea proposatu duela eta gai horren inguruan egin diren "interpretazio okerrak" deitoratu ditu.

Espainiari dagokio EBko presidentetza datozen sei hilabeteetan eta horren inguruan egingo den lanaren inguruan hitz egiteko bildu dira De la Vega eta Patxi Lopez gaur Ajuria Enean. Horren harira, Lehiakortasuneko Europako ministroek Donostian, otsailaren 7an eta 9an, egingo duten bileraren inguruan ere hitz egin dute.

Bilera amaituta, pentsioa osorik jasotzeko kotizatu beharreko garaia 15 urtetik 25era igotzeko aukerak -hala jasotzen zuen Europako Batzordeari bidalitako Egonkortasun Programaren lehen bertsioak, baina testu hori zuzendu egin zuen ondoren Gobernuak- politikarien eta sindikatuen artean piztu duen polemikaren inguruan galdetu diote kazetariek.

Gobernuak egin nahi duen pentsioen erreforma "Toledoko Itunean adostu nahi du eta iragan ostiralean jakitera eman genuena da". Kotizazio epea luzatuko ez dutela erantsi du.

"Ez dugu begietsi, ez genuen esan eta ez genuen adostu" pentsioen erreformaren proposamena onartu zuen Ministroen Kontseiluan, Fernandez de la Vegak azaldu duenez.

Horregatik, "beste interpretaziorik ez" egoteko, "dagoeneko izan badira ere, ez dira zuzenak izan, ez baitira Gobernuak onartutakoarekin bat etortzen", Ekonomia Ministerioaren arabera.

Pentsioen erreformarako proposamena "herritarrengan pentsatuz" egin dutela adierazi du Fernandez de la Vegak, Gobernuaren betebeharra "20 urte bete barru pentsiodun izango direnentzat sistemaren egonkortasuna bermatzea delako".




Albisteak (1)

Bideoak (2)