Itxi

Azken operazioen ostean

"ETAren aurrean erne egon" behar da, Herrizaingo Sailaren hitzetan

Erredakzioa

ETAren kontra egindako azken ekintzak aztertu dituzte Barne Ministerioak eta Herrizaingo Sailak. Bestalde, laugarren ezkutaleku bat aurkitu du Ertzaintzak Ondarroan.

"ETAren aurrean erne egon behar" dela esan dute Poliziako arduradunek, kalte egiteko gaitasuna izaten jarraitzen duelako eta jasotako azken kolpeei ekintza handi batekin erantzutea posible delako, Herrizaingo Sailak komunikatu baten bidez jakitera eman duenez.

Herrizaingo Saileko eta Barne Ministerioko ordezkariek ETAren aurka egindako azken ekintzak aztertu dituzte eta ETAren kontrako borrokan Poliziaren eraginkortasuna baieztatu dute, bereziki Ertzaintzaren azken operazioa ikusita.

Bi ordezkaritzak zenbait orduz bildu dira eguerdian, Ertzaintzaren Erandioko (Bizkaia) polizia-etxean. Bertan izan dira Francisco Javier Velazquez Poliziako zuzendari nagusia eta Rafael Iturriaga Segurtasuneko sailburuordea.

Eboluzio positiboa

ETAren kontrako borrokaren "eboluzio positiboa" goraipatu dute ordezkariek eta ETAren ahulezia azpimarratu dute.

Hala ere, bahiketa saiakera bat izatea ez dute baztertu, baina ETAk beste atentaturen bat egiten saiatzea ere ez dute alboratu. Izan ere, duela gutxi lehergaiekin kargatutako furgoneta bat atzeman zuten Zamoran.

Horrela, igandetik aurrera segurtasun neurriak zorroztuko dituzte Donostian goi-bilera egingo baitute asteartea bitartean Europako Lehiakortasun ministroek. Agintari guztien segurtasuna bermatzeko asmoz, Estatuko segurtasun indarrak, Ertzaintza eta Udaltzaingoa elkarlanean ari dira. Honek zalantzarik gabe, eragina izango du Donostian barrena ibiltzeko, hainbat kale itxiko dituzte eta.


Albisteak (5)

Bideoak (1)