Espetxe politika
Mendia: "Barrena aske geratzea funtzionamendu normalaren parte da"
Erredakzioa
Joseba Permach espetxez aldatzea Barne Ministerioaren "terrorismoaren aurkako estrategiaren" parte dela adierazi du Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak.
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, Pernando Barrena Batasunako buruzagi ohia aske geratzea "espetxe administrazioko funtzionamendu normalaren parte da", eta Joseba Permach kartzelatik aldatzea Barne Ministerioaren "terrorismoaren kontrako estrategiaren" parte.
Espainiako Konstituzionalisten Elkartearen VIII. Kongresuari hasiera eman dio Mendiak gaur eta Permach Topas (Salamanca) espetxetik Sevilla II kartzelara eraman dutela esan du, ezker abertzaleko "talde gogorreko" kide delakoan, baina "espekulazioak egitea" baztertu du.
"Terrorismoaren kontrako politika Barne Ministerioaren eskuetan dago eta terrorismoari aurre egiteko estrategiarekin bat izango da dena, Zuzenbide Estatuaren bidez ahalik eta azkarren indarkeriarekin amaitzeko helburuarekin", azpimarratu du.
Auzitegi Nazionalak ezarritako 50.000 euroko fidantza ordaindu ostean Barrena aske geratu zen eta "Espainiako espetxe sistemaren funtzionamendu normalaren parte" dela esan du Mendiak, izan ere, dagoeneko behin-behineko espetxealdiko bi urteak bete ditu.