Neurri berriak
Zapateroren Gobernuak bere lan erreforma aurkeztuko du gaur
Erredakzioa
Erreformaren edukia sekretupean izan badute ere, Exekutiboak aldi baterako kontratuak garestitu eta iraunkorrak merkatu nahi dituela aurreratu dute gaur hedabideetan.
Ministroen Kontseiluak onartu egingo du gaur lan merkatua erreformatzeko Espainiako Gobernuak egindako proiektua.
Exekutiboa arrakasten behar handian dago, azken astean polemika handia piztu baitute erretiro adina 65 urtetik 67ra atzeratzeko eta kotizazio epea 15 urtetik 25era luzatzeko proposamenek, azken hori azkenean errefusatu egin badute ere.
Erreformaren edukia sekretupean izan dute, baina gaur El Pais egunkariak puntu batzuk aurreratu ditu. Horien artean inportanteena, Gobernuak aldi baterako kontratuak garestitu eta iraunkorrak merkatu nahi dituela.
Enpresaburuentzat kontratu iraunkorrak egitea merkeago izatea da helburua, kontratazio modu hori sustatzeko.
Gainera, badirudi Gobernuak ez duela onartuko kaleratzeak merkatzeko enpresaburuek egindako eskaera.
Informazio agentziek ziurtatu dutenez, Zapateroren Exekutiboak 16 eta 24 urte arteko gazteei lana emateko programa ere abiatuko du, titulu profesionalik gabekoek ere enplegua izan dezaten.
Beste hainbat neurriren artean, Gobernuak honakoak ere ezar lezake: Laneguna murriztea laguntza baten truke (eredu alemaniarra deritzona), aldi baterako kontratuen eta iraunkorren arteko oreka zuzentzea eta lanaldi partzialeko kontratu egonkorrak luzatzea.
Sexu berdintasuna ere hizpide hartuko dute erreforman.
Sindikatuek txosten irekia nahi dute
Bere aldetik, txostenean neurri zehatzik ez jartzeko eskatu dute sindikatuek. Zentralek idatzi irekia nahi dute, negoziatu ahal izateko.