Itxi

Kronika

Aste zaila Zapaterorentzat

Erredakzioa

Gaur amaitzen den lan-astea txarrenetakoa izan da Espainiako Gobernuko presidentearentzat agintera heldu zenetik.

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak aste zaila amaituko du gaur.

Gobernuburuari arazoak pilatzen ari zaizkio. Adierazle makroekonomikoek gero eta datu txarragoak ematen dituzte, eta nazioarteko finantza erakundeek ere konfiantza gutxi agertu dute Espainiaren ekonomiaren inguruan.

Adibidez, aste hasieran ezagutu zen lau milioi langabe baino gehiago daudela jada Estatuan. 4.048.49,3, hain zuzen ere.

Beste kolpe bat Nazioarteko Diru Funtsak eman dio, Espainiaren ekonomia portugaldarraren eta greziarraren parean jarri baitu. Gainera, Europar Batasuneko Gai Ekonomikoetako komisarioak, Joaquin Almunia PSOEko idazkari nagusi ohiak, bat egin du adierazpen horrekin.

Paul Krugman Ekonomiaren Nobel saridunak ere kritika zorrotza egin dio: "Eurogunearen arazo nagusia ez da Grezia, Espainia baizik".

Baina ez hori bakarrik. Zapateroren Gobernua bera korapilatu egin da neurri batzuk iragartzen eta iragarritako beste batzuetan atzera egiten. Polemika handiena piztu duen neurria erretiro adina 65 urtetik 67ra atzeratzea izan da. Baina, gainera, jubilazioa kalkulatzeko kotizazio epea 15 urtetik 25era luzatzeko asmoak ere hautsak harrotu ditu. Azkenean, Gobernuak atzera egin behar izan du neurri horretan.

Bien bitartean, sindikatuek mobilizazioak iragarri dituzte. Adibidez, CCOOk hilabete amaierarako deitu ditu probintzietako hiriburu guztietan.

Hori guztiaren ondorioz, Zapateroren irudiak okerrera egin du, eta lehen aldiz herritarrek gehien baloratzen duten politikaria izateari utzi dio, Ikerketa Soziologikoen Zentroaren (CIS) azken txostenaren arabera.

Hain zuzen ere, gobernuburuari 3,98 puntuko nota eman diote herritarrek, eta haren aurretik Rosa Diez UPyDko diputatua dago, 4,08 punturekin.

Txosten horren arabera, gainera, PPk 3,8 puntuko aldea ateratzen dio jada PSOEri.

Hori horrela, Zapatero herritarren konfiantza berreskuratzen saiatuko da gaur lan merkatuaren erreforma aurkeztuz. Oraingoz, baina, sindikatuak aurka agertu dira, neurriak negoziatzea nahiago baitute.