Itxi

Gipuzkoako Fiskaltza

Portu eta Sarasola torturatzeagatik 4 guardia zibil akusatu dituzte

Erredakzioa

Poliziek "hunkituta" ihardun zutela azpimarratu du Fiskaltzak, izan ere, bi guardia zibil hil zituen ETAk Capbretonen (Frantzia). Beste sei agenteri lesio-falta egotzi die Ministerio Publikoak.

Igor Portu eta Mattin Sarasola ustez torturatzeagatik lau guardia zibil akusatu ditu Gipuzkoako Fiskaltzak. Ustezko bi ETAko kideek Barajaseko T-4n ustez atentatua egin zuten. Guztira 15 guardia zibil auzipetuta ziren, izan ere, Portuk eta Sarasolak guztiak salatu zituzten, euren atxiloketan eta lekualdatzean parte hartu zutelako.

Behin-behineko akusazioaren idazkian, poliziek "hunkituta" ihardun zutela azpimarratu du Fiskaltzak, izan ere, Jose Fernando Centeno eta Fernando Trapero guardia zibilak hil zituen ETAk Capbretonen (Frantzia), Portu eta Sarasola atxilotu baino aste batzuk lehenago. Beste sei agenteri lesio-faltak egotzi dizkie Ministerio Publikoak.

Horregatik, fiskalak hiru urteko espetxe-zigorra eskatu du bi guardia zibilentzat (sarjentu bat eta kabo bat), bi urte beste birentzat (kabo bat eta goardia bat), eta lokalizazio iraunkorreko hamar egun gainerako seientzat (bi teniente, hiru kabo eta goardia bat). Gainera, kalte-ordainak eskatzen ditu eta zenbait kasutan gaitasungabetzea ere.

Gainerako bost auzipetuetan ez du delitu zantzurik aurkitu Fiskaltzak, horregatik ez du akusaziorik egin.

Akusazioa

Bestalde, ETAko ustezko kideen akusazio partikularrak tortura delitu bat egotzi die 15 guardia zibilei. Horregatik, 6-17 urte bitarteko espetxe-zigorrak eskatzen ditu, eta baita kalte-ordainak ere.

ETAko ustezko kideak 2008ko urtarrilean atxilotu zituzten, Barajaseko aireportuan (Madril) urtebete lehenago ustez atentatua egin ostean. ETAk eraso horrekin martxoaren 24tik indarrean zuen su-etena amaitutzat jo zuen. Atentatuan Diego Armando Estacio eta Carlos Alonso Palate ekuadortarrak hil ziren.