Presoak
Bere salaketa zabaldu du Etxeratek Arartekoaren aurrean
Erredakzioa
Jon Fano Etxerateko bozeramaileak azaldu duenez, "egoerak okerrera egin du", senide askok hiru eta sei hilabete bitartean daramatzatelako presoak bisitatu gabe.
Etxerat euskal presoen senideen elkarteko ordezkaritza bat Iñigo Lamarca Arartekoarekin bildu da gaur, iragan abenduan aurkeztutako salaketa "zabaltzeko". Espetxeetako Erakundeek presoak bisitatzeko ezarri dituzten baldintzek senideen kexa eragin dute.
Etxerateko ordezkariak Donostiako bulegoan hartu ditu Lamarcak. Kanpoaldean euskal presoen senideen talde batek pankarta (''Senideen jazarpenari ez'') batekin zen bitartean.
Bilera amaitu ostean, abenduaren 3an kexa jarri zutenetik "egoerak okerrera egin" duela azaldu du Jon Fano Etxerateko bozeramaileak, senide askok hiru eta sei hilabete bitartean daramatzatelako presoak bisitatu gabe.
Horregatik, salaketa Euskadiko erakunde guztietara eramatea aldarrikatu du Fanok. Era berean, Etxeratek otsailean kanpaina bat kalean egingo duela iragarri du, presoen eta haien senideen eskubideak errespeta ditzaten eskatzeko.