ACB, 21. jardunaldia
Bilbao Basket-Manresa (84-67): Arnasa hartzeko aukera
Sara Lavado
Erredakzioa
Garrantzi handiko garaipena batu dute Katsikarisen gizonek etxean eta galdutako konfiantza bueltan dela dirudi.
Bizkaia Bilbao Basketek aurrerapauso handia eman du salbazioa lortzeko bidean etxean Manresa taldea erraztasunez mendean hartuta (84-67).
Partidaren hasiera oso parekatua izan da eta lehen laurdenaren amaieran 15-15ekoa zen markagailua. Katsikarisen gizonak bigarren laurdenean hasi dira kantxan eta markagailuan nagusitzen. Zaleen babesa erabatekoa zen eta garrantzitsuena, hamar bat puntuko aldeari eustea. Atsedenaldira hamaikako errentarekin iritsi dira bilbotarrak.
Blums, Banic, Mumbru...maila onenean izan dira. Hirugarren laurdenean ez da bilbotarren erritmoa jaitsi eta jokalariek eta baita zaleek ere taldearen jokoarekin disfrutatu dute. Konfiantzarekin jokatu dute eta nabaria izan da. Azken hamar minutuei 19 puntuko abantailarekin egin diete aurre, puntuak eskura zituzten. Markota ere azpimarragarria izan da eta 6 puntu lortu ditu, baina saskiratzailerik onena Janis Blums izan da 20rekin. Balorazio onena Banicek jaso du, 25.
Garrantzi handiko garaipena batu dute Katsikarisen gizonek Bizkaia Arenan eta galdutako konfiantza bueltan dela dirudi. Bide luzearen hasiera baino ez da baina itxaropena, behintzat, berriro piztu dute.