Itxi

Musika

Granados musikagilearen partitura ezezagun bat aurkitu dute

Erredakzioa

Parisen zirriborroa topatu ondoren, eskuizkribua Kataluinan aurkitu du Melani Mestre orkestra zuzendariak. Musikagile lleidarraren pianorako eta orkestrarako kontzertu bakarra da.

Enrique Granados musikagile katalanaren ezezaguna eta orijinala den partitura baten aurkikuntzaren berri eman du Melani Mestre orkestra zuzendariak. Iaz Parisen topatutako zirriborroak pieza honen jakinaren gainean jarri zuen Mestre.

Ikerkuntzaren ondorioz, Kataluniako Liburutegiaren Musika Sailean aurkitu zuen Mestrek Granadosen partitura. Izan ere, liburutegi horrek musikagilearen dokumentazio atala eta piano bat du.

1910. urte aldera idatzita, Granadosek sinatutako eskuizkribua da eta Camille Saint-Saens musikagile eta pianojole frantsesari dedikatuta dago. Granadosen pianorako eta orkestrarako kontzertu bakarra da eta hogei minutuko iraupena du.

Granadosen obra osoa publikatu duen Boileau argitaletxeak kontzertu osoa argitaratzeko bere interesa erakutsi du. Mestre, bestalde, pieza estreinatzeko orkestra desberdinekin kontaktuan jarri da.

Bideoak (1)