Elite menua
Lupia porru errautsekin, EBko ministroentzako jaki gozoa
Gorka Basaguren
Sukaldari euskaldunek prestatutako platerek zapore tradizionalak eta teknika berriztagarriak biltzen dituzte. Atzoko afariaren arrakastaren ostean, ustekabe gehiago espero ditugu gaur gaueko otorduan.
Europako Industria eta Ikerketa ministroen goi-bilerarekin batera bi harrera egin dituzte, Juan Mari Arzak, Hilario Aberlaitz , Martin Berasategi, Andoni Luis Aduriz eta Pedro Subijana diseinatutako afariekin.
50 lagun baino gehiago ari dira lanean, Jesus Santamaria Bokado katering enpresako zuzendariak antolatutako banketea aurrera eramateko. Landu dituzten platerak euskal zapore tradizionalak eta aurkezpen eta teknika berriztagarrienak biltzen dituzte.
Igandeko menua zabaltzeko janaurreko bezala, sagarra foie zukuarekin eta txipiroia salda aldakorrean jarri zituzten. Bigarren plater gisa, legatza lanperna eta perlak oliotan osagarri bezala eta behi puzka zerealekin. Postrean txufa zopa eta erretako anana eskaini zituzten, baina Ilargi harriak eman zion afariari amaiera bikaina. Pistatxo hautsarekin eta txokolatearekin sortu zuten.
Hain jatorri ezberdineko mahaikideak bildu arren, janariaren inguruan ez zen eskakizun berezirik izan, ordezkari bat barazkijalea dela eta beste batek esnekiak ezin dituela jan alde batera utzita.
Subijanak eta Santamariak Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean adierazi dutenez, Britainia Handiko delegazioa izan zen afariarekin gehien gozatu zuenetarikoa. Haien ordezkari baten hitzetan "goi-bilera guztietako afaririk onena da".
Gaur gauean beste ezusteko batzuk espero dira sukaldean, abakandoa eta izkiratzarrak eskainiko dituzte arto soparekin janaurreko gisa. Bigarrenez lupia porru errautsekin eta masaila egosia fruitu lehorrekin jarriko dute. Postrea nahiko esanguratsua izango da, txokolatezko hanburgesa batekin eta belztutako sagar batekin banketeari amaiera emanez.
Bi afarietan txakolia eskainiko dute edateko, barrikan irakindako ardo zuria (2007) eta Remirez de Ganuza erreserba ardo beltza (2004) emango dute ere. Eta amaieran, Gran Tollero cava izango da nahi duenarentzako.