Itxi

ETAren aurkako operazioa

"Ertzaintzak atxilotuak torturatu ditu", abokatuek salatu dutenez

Erredakzioa

"Galdeketak ilegalak izan dira, abokaturik gabe egin direlako; etengabe kolpatu dituzte eta haien senideenganako eta adin txikiko seme-alabenganako mehatxuak eginez presionatu dituzte", azaldu dute.

Ertzaintzak joan den astean Ondarroan eta Gipuzkoan atxilotutako lagunak torturatu egin dituztela salatu dute gaur haien abokatuek, Haizea Ziluagak eta Alfonso Zenonek. Inkomunikazio aldian gutxienez horietako hiru lagun ospitalera eraman behar izan zituztela zehaztu dute.

Atxilotuen abokatuek, senideek eta zenbait bizilagunek agerraldia egin dute gaur Bilbon, Ertzaintzaren eta Auzitegi Nazionalaren jarrera salatzeko.

Zenon abokatuak salatu duenez, "galdeketak ilegalak izan dira, abokaturik gabe egin dituztelako; etengabe mehatxatu eta jipoitu dituzte; behartutako posturetan egonarazi dituzte; eta euren senideenganako eta adin txikiko seme-alabenganako mehatxuak eginez presio egin diete".

Terrorismoaren kontrako Ertzaintzaren talde berriak "Ares jaunaren agindupean torturatu" egiten duela azpimarratu dute. "Abokatu garen heinean nazkatuta gaude gure babestuei tortura testigantzak entzuteaz", erantsi dute.

Horrez gain, abokatu lanak egiten ari zirela Auzitegi Nazionaletik "bota" egin zituztela azaldu dute, "atxilotuei ofiziozko abokatua ezarri zietela argudiatuta". Espetxeratuak izan arte atxilotuekin egoteko aukerarik izan ez dutela salatu dute.

"Lekuko deserosoak gara eta ez dute nahi gu gure babestuekin egoterik nahi, kolpeak ikus ez ditzagun eta tratu txarren testigantzarik jaso ez dezagun", adierazi dute.

Ildo horretan, Alfonso Zenonek Ertzaintzaren jarrera gogor kritikatu du, izan ere, "ez dute ohiko protokoloa aplikatzen (atxilotuak une oro grabatzea) , atxilotuak inkomunikatzea eskatzen diote epaileari eta haien senideen eskuragarri jartzen duten telefonoaren bidez gezurrak baino ez dituzte esaten".

Albisteak (4)