Itxi

Igandera arte

'L'isola disabitata' opera, Europan lehen aldiz, Arriagan

Erredakzioa

Bilboko antzokiaren ekoizpena da, Sevillako Maestranzarekin elkarlanean. Lau ahotsetarako sortua, bi abeslari izango ditu paper bakoitzean.

Bilboko Arriaga Antzokiak L''isola disabitata ganbera-operaren Europa mailako estreinaldia hartu du. 1831n sortu zuten lana, lau ahotsetarako (sopranoa, mezzosopranoa, tenorea eta baritonoa) eta pianoaren laguntzarekin taularatua izan dadin.

Bilboko antzokiaren ekoizpena da L''isola disabitata, Sevillako Maestranza Antzokiarekin elkarlanean. Pietro Metastasio egilearen liburuan oinarrituta, Manuel Garcia sevillarrak sortu zuen. Konpositore, opera ekoizle, agertoki zuzendari eta kantu irakaslea izan zen Manuel Garcia, eta operaren historian izan den tenore garrantzitsuenetako bat. Berarentzat idatzi zuen Rossinik El barbero de Sevilla. Manuel Garciak sortutako bost kamera operetako bat da L’isola disabitata eta egileak sortu bezala ikusi ahal izango dugu Bilbon.

Izenburuak adierazten duen moduan, jenderik gabeko irla batean kokatzen da ekintza. Ekaitz arriskutsu baten ondorioz, hantxe babestuko dira Gernando, haren emazte Costanza eta emakumearen ahizpa Silvia. Piratek Gernando bahituko dute, eta gizinak irlan bakarrik utzi dituela sinetsita biziko dira emakumeak urtetan. 13 urte geroago Gernando eta Enrico bere laguna irlara itzuliko dira, emakumeak bertatik atera eta gaizki-ulertua argitzeko.

Emilio Sagi Arriaga Antzokiko zuzendari artistikoak gidatuko ditu taula gainean proiektu honetako protagonistak. Prentsaurrekoan jakitera eman duenez, bi abeslari izango ditu paper bakoitzean. Sagiren ustez, horrela hobeto zihurtatu daude programatutako emanaldi guztiak, ''''Europan lehen aldiz taularatuko den lan zaila'''' baita honakoa.

Lau paper nagusietan ikusi ditugu Ainhoa Zuazua eta Carmen Romeu sopranoak, Marife Nogales eta Maite Maruri mezzosopranoak, Gabriel Blanco eta Jesus Alvarez tenoreak eta Marc Canturri eta Cesar San Martin baritonoak. Lan taldean ere arituko dira Daniel Bianco Arriaga Antzokiko zuzendari artistiko-ordea, Ruben Fernandez Aguirre musika zuzendari eta piano-jotzailea eta Carlos Roo zuzendaritza-laguntzailea, besteak beste.

Emanaldiak otsailaren 11n, 12an, 13an eta 14an izango dira (ostiralean eta larunbatean 20:00etan; eta igandean 19:00etan).&' || 'nbsp;Sarreren prezioa 5,60 eta 30 euro bitartekoa da, eta salgai daude Arriaga Antzokiko lehiatiletan, teatroarriaga.com web gunean, 944 310 310 telefonoan eta BBKn.

Bideoak (1)