Itxi

EBko ministroen aurrean

Auto elektrikoarekin duen konpromisoa defendatu du Patxi Lopezek

Erredakzioa

"Ez da enpresa proiektu bat soilik, herri eredu bat baizik", adierazi du lehendakariak. Euskadi "herri dinamiko, moderno eta lehiakor" gisa aurkeztu du Patxi Lopezek.

Euskal erakundeek eta enpresek auto elektrikoaren garapen eta produkzioarekin duten konpromisoa defendatu du gaur Patxi Lopez lehendakariak, Europar Batasuneko Industria ministroen aurrean. "Ez da enpresa proiektu bat soilik, herri eredu bat baizik", esan du Lopezek.

Industria ministroei eta haien ordezkaritzei ongietorria emateko hitzaldi laburra eman du lehendakariak, Donostiako Miramar Jauregian egindako harrera eta afari ofizialean.

Euskadi "herri dinamiko, moderno eta lehiakor" gisa aurkezteko aprobetxatu du aukera agintariak. Lorpen hori enpresen eta teknologia zentroen lan bateratuak ekarri du, Lopezen esanetan.

Euskal gizartea "irekia eta kulturen integratzailea" dela esan du euskal Exekutiboko buruzagiak, eta erronka berriei aurre egiteko garaiei moldatzeko eta baliabideak berrerabiltzeko duen gaitasuna azpimarratu du.

"Baliabide naturalak ez ditugun gizarteek gure jendeaz baino ezin gara fidatu. Euskal herritarrek izaera lehiatsua izatea ekarri du horrek, eta horregatik harro gaude", erantsi du.

Lehiakortasunaren Europako Goi-bilera Euskadin egitea "albiste ona" dela esan ostean, lehiakortasuna "hezkuntza ona izan duten pertsonek, berrikuntzak eta enpresa egitura bizkor eta eraginkorrak" dakarrela nabarmendu du.

Ibilgailu-industria

Horrela, euskal energia sektorearen eta ibilgailu-industriaren indarra goraipatu du lehendakariak, eta erakundeen konpromisoa azaldu du, auto elektrikoaren diseinu, garapen eta produkzioarekin. "Ibilgailu elektrikoa garatzeko apustua egin dugu, ibilgailu-industrian modu eraginkorrean parte hartu duen enpresa egitura batean oinarrituz", adierazi du.

Auto elektrikoa Euskadiko Ibilgailu-industriaren eta Energiaren Clusterren arteko akordio baten aurkezpenean parte hartu du lehendakariak bi ordu lehenago. Akordioak Euskadi "etorkizun handiko merkatu batean pribilegiozko postuan" jartzen duela azpimarratu du prentsaurrekoan.

Sebastian

Bestalde, "auto elektrikoa merkaturatzeko lanean Espainia paper protagonista izateko kapaz" dela esan du Miguel Sebastian Industria, Turismo eta Merkataritza ministroak.

Hitza hartu duenean, energia, ibilgailu-industria eta informazio teknologien sektorean "Espainiak lehen mailako enpresak" dituela adierazi du Sebastianek. Horrela, "auto elektrikoaren fabrikazioan erreferentzia izan daiteke, dagoeneko ohiko ibilgailuetan den bezala".



Bideoak (1)