Itxi

Egiguren Radio Euskadin

"Zapaterok behar duena egiten du, baina erantzuten motela da"

Erredakzioa

PSE-EEren presidenteak uste du Espainiako gobernuburuak "asmo oneko politikak jarraitu dituela, baina krisiarekin bateraezinak" izan direla.

Jesus Egiguren PSE-EEren presidenteak adierazi duenez, "esaten denaren eta jendeak ustez ikusten duenaren kontra, Zapatero behar dena egiten ari dela uste dut". Hala ere, onartu du "egin diezaiokegun kritika bakarra, erantzuteko garaian motel jokatzen duela".

Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean, buruzagi sozialistak adierazi du Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak "asmo oneko politikak jarraitu dituela, baina krisiarekin bateraezinak" izan direla.

"Esaten denaren eta jendeak ustez ikusten duenaren kontra, Zapatero behar dena egiten ari dela uste dut. Egin dezakegun kritika bakarra erantzuteko garaian geldi jokatzen duela da. Krisian gaudela onartzea kosta zitzaion bezala", azaldu du politikari gipuzkoarrak.

Eusko Jaurlaritzak Zapateroren politika "jarraitu" besterik ez duela egiten salatu dute zenbait alderdi politikok, bada Egigurenek argi adierazi du "ezetz. Nahikoa da Euskadin gertatzen dena ikustea, Espainian oasia den herrialdea da. Gai ekonomikoetan akordio zabalak daude. Espainiari inbidia ematen dion eredu bilakatzen ari da Euskadi".

Antonio Basagoiti EAEko PPren presidenteak duela gutxi esan zuen Jaurlaritzan sozialistekin zuten akordioa legegintzaldi gehiagotarako dela, nahiz eta Madrilen Mariano Rajoyk hartu agintea. Egigurenek gaurko elkarrizketan erantzun dio datozen legegintzaldietarako ituna "Madrilen gertatzen denaren araberakoa" izango dela.

Ezker abertzalearen barne eztabaida, egiazkoa

"Batasunaren apologia egin gabe. Barne gogoeta prozesua egiazkoa dela uste dudala esan dut, eta batzuk esan didate jende horri mesede egiten ari nintzela. Ea zer gertatzen den. Baina pentsatzen dudana esaten dut, serio ari direla, baina ezin dela asmoetan soilik geratu. Badirudi politika demokratikoki bakarrik egin nahi dutela eta terrorismoa iraganean utzi. Hala dela esan didate, batzarretan esaten dutena dela, eta nik sinetsi egiten dut", azaldu du Egigurenek.

Donostiako goi-bilera

Bestalde, Europar Batasuneko ministroak Donostian egiten ari diren goi-bileraren harira, PSE-EEren presidenteak esan duenez, "Donostiarentzat erakusleiho handi bat da. Europako herrialde guztiak ari dira bileretan gertatzen dena jarraitzen. Donostiaren irudiaren zabalkundea handia da eta dena lasaitasun eta bake giroan izaten ari dela, Euskadiko aldaketa eta errealitate berriaren erakusgarri da".