Bide-segurtasunaren inkesta
Autoa, euskal herritarren garraio mota nagusia
Erredakzioa
Autobusaren eta trenaren erabilera murriztu egin da, bizikleta eta oinezko joan-etorriak ugariagoak diren bitartean. Emakumezkoek gizonezkoek baino gehiago erabiltzen dute metroa.
Herrizaingo saileko Trafiko Zuzendaritzak 2008an egindako Bide-segurtasunaren Inkestaren arabera, autoa EAEko biztanleek gehien erabiltzen duten garraioa da.
Euskaldunen % 38ak autoa du garraio nagusi gisa, autobusaren erabilera % 20tik %15era jaitsi den bitartean, eta trena ere % 5,7tik % 3,5era.
2008an 4.608 familietan 14 urte edo gehiagoko biztanleei galdeketa egin zieten zirkulazioaren segurtasunaren inguruan euskaldunen jarrerak ezagutzeko.
Inkesta horren arabera, EAEko biztanlegoaren % 60k gidabaimenen bat du eta gizonezkoen % 77ak eta emakumezkoen % 40ak sarritan erabiltzen du autoa.
Autobusaren erabilera % 20tik % 15era jaitsi da eta trena ere 2 puntu gutxitu da % 3,5eraino, 2003ko datuekin parekatuta.
Bizikletak garrantzi handiagoa jaso du herritarren artean, 0,7tik % 1,1era igoz eta oinezko joan-etorriak ere hazi egin dira % 25etik % 28ra.
Metroaren erabilerari buruz, garraio mota horren bidaiari kopurua handitu egin da % 15etik %22ra, eta emakumezkoek (% 24,4) gizonezkoek (% 18,1) baino gehiago erabiltzen dute.
Ibilgailuen ekipamendua hobetu egin da urteak igaro ahala, eta EAEko biztanlegoaren erdiarentzat segurtasuna da garrantzitsuena auto bat erosterakoan. Hiru euskaldun bakoitzeko batek, aldiz, prezioari begiratzen dio.