Gaur, Auzitegi Nazionalean
Otegi 'Bateragune' osatzeagatik auzipetuko du Garzonek
Erredakzioa
Batasuneko buruzagi ohiaz gain, Rafa Diez, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez ere izango dira epailearen aurrean. Azken horiek urriaren 13an atxilotu zituzten.
Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaile ohia Auzitegi Nazionalean aurkeztu beharko da berriro gaur goizean. Baltasar Garzon epaileak ''Bateragune'' egitasmo politikoa bultzatzeagatik auzipetu egingo duela esango dio Otegiri, honen bitartez, 2011ko udal eta foru hauteskundeetan parte hartzeko ekimena martxan jartzeagatik.
Otegirekin batera, Rafa Diez Usabiaga LABeko idazkari nagusi ohia, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta, Sonia Jacinto, Amaia Esnal, Jose Luis Moreno eta Jose Manuel Serra ere izango dira Garzonen aurrean, erakunde terroristako kideak izatea leporatuta.
Rufi Etxeberria ez inputatzea erabaki zuen Garzonek bere garaian. Guztiak 2009ko urriaren 13an atxilotu zituzten.
Garzonek "subiranotasunaren aldeko estrategia bultzatzeko bloke bat" eratu nahi izatea egozten die zortziei, ETAren "estrategia politiko-militarrari" forma emateko. Erreferentzia politiko berri horren eratzea 2010eko udaberrian burutu behar zutela eransten du.
Autoan dioenez, ikerketan bildutako datuen arabera, proiektu hori "hasieratik amaierara ETAk zuzenduta" zegoen eta atxiloketak egin zirenean gauzatzear zegoen.
"Botoak eta bonbak uztartu behar zituen estrategia bat" garatzea, leporatzen die Garzonek auzipetuei. Estrategia horrek "borroka armatuaren etenaldiak" aurrikusten zituela aipatzen du.
Garzonek ebazpenak dio behin behineko su-eten horien helburua "alderdien arteko elkarrizketak eta agente politiko independentisten arteko hurbiltzea erraztea" izango lirateke.