Goi-bileraren amaiera
Auto elektrikoa errealitate bihurtu nahi du EBk
Erredakzioa
Autoak berriz kargatzeko sistemen eskaria bultzatzeko eta sistemak estandarizatzeko Europako Batzordearen estrategia komun bat beharrezkoa dela adostu dute EBko Industria ministroek.
Ibilgailu elektrikoa Europan errealitate bat bihurtzeko lehen pausoa eman dute gaur Europar Batasuneko Industria ministroek eta autoak berriz kargatzeko sistemen eskaria bultzatzeko eta sistemak estandarizatzeko Europako Batzordearen estrategia komun bat beharrezkoa dela adostu dute.
"Ibilgailuak Europa eta mundu osoan produzitu, saldu eta gidatu ahal behar dira", ministroen arabera. Horregatik, Europak "saiakera" egin behar du eta ibilgailu mota horien osagaiak fabrikatzen hasi behar da, bateriak barne.
Lehiakortasun ministroen bilera informalean eztabaidatu dutenez, administrazioen eginbehar nagusia auto elektrikoen eskaria bultzatzea izango da, horretarako kostuak murriztuz eta erabilera sustatuz.
Sebastian
Ekimen honek lankidetza eta lan handia eskatzen du, Miguel Sebastian Industria ministroaren hitzetan.
Prentsaurrekoan, bileraren emaitzarekin pozik agertu da Sebastian. Estatuek gauzak ongi egin nahi dituzte hasieratik eta ibilgailu elektrikoa "arrakasta" bat izango dela azpimarratu du Industria ministroak, herritarrek horrela nahi badute behintzat.
"Europan Ibilgailu elektrikoa gaur jaio" dela esatea "handizka aritzea ez" dela adierazi du ministroak, "eta Espainiako presidentetzaren pean gertatu" dela goraipatu du.
Unda
EBko Espainiaren presidentetzak auto elektrikoari emandako bultzada babestu du Bernabe Unda Industria sailburuak. Undaren hitzetan, energia, ibilgailu-industria eta informazio teknologien sektoreentzako egitasmo estrategikoa da.
Bernabe Undak Espainiaren ordezkaritzako kide gisa parte hartu du gaurko ihardunaldian.
Eusko Jaurlaritzak "lan handia egin du ibilgailu elektrikoaren garapenean, azken hilabeteetan", eta Ministroen Kontseiluak bultzatutako egitasmoa positibotzat jo du Undak.
Era berean, Espainiak auto elektrikoaren alde egindako politika babestu du Undak, eta lankidetza beharrezkoa dela erantsi du. Eusko Jaurlaritzak iaz Repsolekin eta Mercedesekin hitzarmenak sinatu zituela gogorarazi du sailburuak, Euskadin autoak berriz kargatzeko sare bat garatzeko eta ibilgailuak fabrikatzeko.