Itxi

Gehiengo zabalez onartu dute

Europako Parlamentuak onartu egin du Europar Batzorde berria

Erredakzioa

Euroguneko zorraren krisiari aurre egin beharko dio Barrosoren taldeak. 2014ko urriaren 31ra arteko agintaldia izango dute.

Europako Parlamentuak Jose Manuel Durao Barroso buru duen Europar Batzordea berretsi egin du gehiengo zabalez, eta amaiera jarri dio zenbait hilabeteko atzerapena izan duen Exekutiboaren berrikuntzari.

Datozen bost urteetarako taldeak 488 aldeko boto, kontako 137 eta 72 abstentzio jaso ditu. Orokorrean talde politiko nagusien laguntza izan du.

Europako Parlamentuko hiru indar talde nagusiek (kontserbadoreak, sozialdemokratak eta liberalak) Batzorde berria berretsi dute eta Barrosok aurreko agintaldian jasotakoa baino gehiengo zabalagoa lortu du gainera.

Dena den, bihar arte ez dira ofizialki karguaz jabetuko, hau da, Barroso II izenarekin ezaguna den Batzordeko komisarioek Luxenburgoko Justizia Auzitegiaren aurrean zin egin arte. 2014ko urriaren 31ra arteko agintaldia izango dute.

Zorraren krisia

Euroguneko zorraren krisiari aurre egin beharko dio Barrosoren taldeak.

Ildo horretan, Joaquin Almunia Lehiakortasun komisario berriaren hitzetan, euroguneko zenbait herriri "bereziki" eragiten dien "tentsio gogorra" jasaten ari dira merkatuak; hori dela eta, "merkatuei konfidantza handiagoa" emango dien politika fiskalak eta egiturazko erreformak eskatu ditu.