Itxi

Istripua

Gidari bat hil da kabina baten kontra talka eginda, Iurretan

Erredakzioa

Ezbeharra A-8 autobidean jazo da, Citroen Xsara Picasso ibilgailu batek bidesariko kabina baten kontra talka eginda.

51 urteko gizon bat, Bermeoko bizilaguna, hil da gaur bere ibilgailuak talka egin ostean, Iurretan (Bizkaia), Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez. A-8 autobidean bidesariko kabina baten kontra talka egin du gidariak.

Ezbeharra 19.30 aldera jazo da, A-8 autobidean, Iurretako bidesarian, Donostiako noranzkoan. Argitzeke diren arrazoiengatik Citroen Xsara Picasso ibilgailu batek bidesariko kabina baten aurka talka egin du.

Bertan ziren langileek berehala artatu dute gidaria eta larrialdi zerbitzuei abisua eman diete.

Anbulantziak eta Ertzaintza bertaratu dira, eta baita suhiltzaileak ere. Biktima autotik atera behar izan dute suhiltzaileek, harrapatuta geratu baita. Gizona hil egin dela egiaztatu du mediku batek.

Ondoren gorpua Bilboko Auzitegiko Institutu Anatomikora eraman dute. Ertzaintzak ikerketa hasi du gertatutakoa argitzeko.

Bideoak (1)