Estatuko datuak
Etxebizitzen salerosketa % 25 murriztu zen 2009an
Erredakzioa
INEren arabera, 2007an saldu zen etxebizitza kopuruaren erdira iritsi ziren iaz. EAE eta Nafarroa Estatuko batez bestekoaren azpitik geratu dira, 100.000 biztanleko 867 eta 1.019 etxebizitza salduta.
414.811 etxebizitza salerosi zituzten 2009an Espainiako Estatuan, hau da, aurreko urtean baino % 24,9 gutxiago, nahiz eta abenduan beherakada % 0,3koa soilik izan, 2008ko abenduaren aldean.
Espainiako Estatistika Institutuak (INE) gaur zabaldu dituen datuen arabera, 2009an izandako salerosketak 2007an izandakoen erdiak dira, orduan 775.300 salerosi zituzten "higiezinen booma" eman zen urtean.
Iazkoan, bigarren eskuko etxebizitzen salerosketek izan zuten beherakada nabarmenena, % 29,1ekoa (194.178 salerosketa), eta berrien kasuan % 20,6koa izan zen beherakada (220.633 salerosketa).
Etxebizitza libreen salmenta % 26 murriztu zen (372.192), eta babestutakoen kasuan % 13,6koa izan zen beherakada.
EAE eta Nafarroa, batez bestekoaren azpitik
2009an, batez beste 1.115 etxebizitza saldu ziren Estatuan 100.000 biztanleko, baina Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Erkidegoa ez ziren batez besteko horretara iritsi, hurrenez hurren 867 eta 1.019 saldu zituzten eta.