Auzitegi Nazionalean
'Bateragune' egitasmoa sortzeagatik auzipetu du Garzonek Otegi
Erredakzioa
45 minutuz egon da Otegi epailearen aurrean. Irribarretsu agertu da Auzitegi Nazionalean, eta abokatuak eta bi auzipetu agurtu ditu agerraldian zehar.
Baltasar Garzon epaileak ''Bateragune'' egitasmo politikoa bultzatzeagatik prozesatu egin duela esan dio gaur Arnaldo Otegi Batasunako bozeramaile ohiari. Otegirekin batera ezker abertzaleko beste zortzi lagun izan dira gaur goizean Auzitegi Nazionalean.
LABeko idazkari nagusi ohia, Rafa Diez Usabiaga, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta, Sonia Jacinto, Amaia Esnal, Jose Luis Moreno eta Jose Manuel Serra izan dira Garzonen aurrean, erakunde terroristako kideak izatea leporatuta.
45 minutuz egon da Otegi epailearen aurrean. Irribarretsu agertu da Auzitegi Nazionalean, eta abokatuak eta bi auzipetu agurtu ditu agerraldian zehar.
Rufino Etxeberria ez inputatzea erabaki zuen Garzonek bere garaian. Guztiak 2009ko urriaren 13an atxilotu zituzten.
Garzonek "subiranotasunaren aldeko estrategia bultzatzeko bloke bat" eratu nahi izatea egozten die zortziei, ETAren "estrategia politiko-militarrari" forma emateko. Erreferentzia politiko berri horren eratzea 2010eko udaberrian burutu behar zutela eransten du.
Autoan dioenez, ikerketan bildutako datuen arabera, proiektu hori "hasieratik amaierara ETAk zuzenduta" zegoen eta atxiloketak egin zirenean gauzatzear zegoen.
"Botoak eta bonbak uztartu behar zituen estrategia bat" garatzea, leporatzen die Garzonek auzipetuei. Estrategia horrek "borroka armatuaren etenaldiak" aurrikusten zituela aipatzen du.
Garzonek ebazpenak dio behin behineko su-eten horien helburua "alderdien arteko elkarrizketak eta agente politiko independentisten arteko hurbiltzea erraztea" izango lirateke.